XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ez daitela izan, gaur arte egin dogun lez, Jainko hotz, gogor, urrun, ahaltsu, zigortzaile, misterioz beteriko baten irudia.

Horrek kalte handiak ekarri deutsoz kristau herriari.

Gaur ere, batek baino gehiagok maite dabe guzurrezko Jaungoikoa edo idoloa.

Bai hitzez bai egitez, Jaungoikoatzaz mintzatzean, beti ezaguera eta zentzun handiz egin behar ditugu gauzak, Jesukristok iragarritako Jaungoikoaren ordez, geuk geure kasketean ikusi eta asmautako Jaungoiko antzeko bat iragarri ez dagigun.

Idolo egileak izan gara askotan.

Garrantzi handiko ikuspuntua ikutzen dogu hemen, beraz, ez ditugu hankaz gora bota behar egiaren oinarriak, neurtu ezinezko kalteak sortuko gendukez eta.

Argi esango dogu.

Kurutzean hil eta hirugarren egunean hilen artetik berbiztu zan Jesukristogan agertu zan Jaungoikoa eta Aita da hotsegin eta iragarri behar doguna.

Honen lekuko, borobil-borobil dator hemen Joan apostoluaren esaldia:

Izan ere, Jaungoikoak mundua, bere Seme bakarra emoteraino maite izan dau: Beronegan sinistu dagian inortxo ere galdu ez daiten, betiko bizitza izan dagian baino.

Izan ere, Jaungoikoak bere Semea mundura ez dau mundua epaitzeko bialdu, beronen bidez, mundua salbatu daiten baino(Jn 3,16)

Zeruko Aitak bere Seme Jesus bere maitasunaren ezaugarri eta erakusgarri lez bialdu deusku.

Ez dau bialdu mundua epaitzera, beronen bidez mundua salbatua izan daiten baino.